XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baratzeko goialdean urmael polit bat zegoen, lorez inguratuta.

Lore horik ureztatzen ari zela, irriztatu, urmaelera erori eta ito egin zen.

Ezbehar honek donostiarren bihotz ondoa biziro ukitu zuen.

Baina Errosario zenaren hiletara bildu zen jendetza ez zen emakumearen oroimen hutsez etorri.

Tomas Sarasketa bere senar zena, urte batzu lehenago Filipinetan hila, garai batetan oso ezaguna izan bait zen Donostian.

Eta hantxe bertan, argiz jantzitako eliza hartan, han zegoen Iker bere seme zaharrena, Donostiako notari entzutetsua, hiri hartako diruaren gorabeherak inork baino hobeki ezagutzen zituena.

Eta bolo bolo zabalduak zeuden marmarketak sinesten baditugu... diru arazoak ezagutze soilez asetzen ez zena...

Bere ondoan eserita, elizako lehenbiziko eserlekuan, Julen zegoen, bere anaia gaztea, burni arazoetan Euskal Herri osoan aipatuenetako bat.

Bere lantegiak Bilbotik hasi eta Tuteraraino sakabanatuak zeuden.

Lore Orgamendi, Ikerren emaztea, Eibarkoa zen.

Orgamenditarrek Eibarren eskopeta lantegi ospetsuenetako bat dute gaur egunean ere.

Eta Lambretta olategian, berriz, diruakzioen erdia ere berarena omen da, zurrumurroek diotenez.

Julen Sarasketa Emiliana Sorozabalekin ezkonduta zegoen.

Andere hau azken garaiotan diruz nahiko murrizturik eta hestu zebilen Donostiako haundikien familia batetan jaioa zen.

Seme-alabak zituzten, Iñaki eta Itziar, Donostiako E.U.T.G.-n ikasten zihardutenak.

Beren lehengusua Gotzon, berriz, Iker ta Loreren ezkontzako kimu bakarra, Bilbon zuzenbide ikasketak egiten ari zen.

Agi zenez, aurrerapen haundirik gabe; 23 urte zituen, bada, eta karrerako bi urte besterik ez onduta.

Ikañi lehengusuak, ostera, bi urte gazteago izan arren, E.U.T.G.-ko hirugarren urtea ere amaituta zedukan.

Ikastetxe hartako ikaslerik bikainenetakotzat jotzen zuten jesuitek.